XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikasgai honetan eroale batean zehar kargen higidura aztertuko dugu.

Guk norantza aldatzen ez duen kargen higidura aztertuko dugu bakarrik, hots, korronte jarraia.

Ez dago azpimarratu beharrik korronte elektrikoak duen garrantzia.

Guk ezagutzen dugun bizitza ez litzateke posible korronte elektrikorik gabe.

Eta horren erabilpenak ez dira oraindik agortu.

Kotxeen munduan, adibidez, berrikuntza asko ikusteko ditugu.

Mendearen hasieran hiri nagusien kaleetan zebiltzan ibilgailu elektrikoen kopurua (tranbiak gehien bat), errekuntza motoreko ibilgailuena baino askoz ere handiagoa zen.

Baina berehala nagusitu zitzaizkien azken hauek, batez ere 1920. urtean abiatze automatikoa asmatu zenetik.

Arrazoia garbi zegoen: ibilgailu elektrikoentzat hiriko kaleetan zehar sare elektriko berezia instalatu behar zen.

Eta, beraz, ezin zuten sare horretatik kanpo ibili.

Errekuntza motorekoek, berriz, ez zuten horren beharrik, guztiz autonomoak ziren.

Gainera, hauen erregaiak, petrolioaren eratorriak, oso merkeak ziren.

Azken urteetan, ordea, dexente aldatu da egoera.

Alde batetik gertatu diren petrolioaren krisialdiak (eta garestitzeak, noski).

Bestetik, industria kimikoarentzat hain beharrezkoa den petrolioa erretzea gehiegizko galera dela uste dute askok.

Eta azkenik, gizartean gero eta nabariagoa den kutsaduraren aurkako eta naturaren kontserbazioaren aldeko jarrera (errekuntza motoreek oso kutsakorrak bait dira).

Hau da Ford etxea, Estatu Batuetako Gobernuaren Departamentu batekin, prestatzen ari den prototipoa.

Guzti honek ibilgailu elektrikoen ikerketa bultzatu du.

Baina ez mende hasieran bezala hiri barruan dabiltzan garraio publikorako ibilgailuak lortzeko, gaurkoen tankerako kotxe arruntak lortzeko baizik.

Baldintza honek erabateko aldaketa dakar tranbia haien aldean; izan ere, kotxeak ez bait dira sare elektrikoaren menpe egongo.

Leku guztietara joateko ahalmena behar dute.

Beraz, energia ez zaie saretik etorriko, aldean eraman behar dute; hau da, bateriak behar dituzte energia pilatzeko.